XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Minos Kretako erregeak seme beldurgarri eta adur txarrekoa zuen: Minotauro.

Burua eta bizkarra zezenarenak zituen, eta gainerakoa gizonarena. Minos semeaz lotsaturik zegoen eta, bere menpekoek hura ikus ez zezaten, labirinto batean ezkutatu zuen; bide korapilatsu eta nahaspilatsuz betetako tokia izaki, ez zen handik irteten zekien hilkorrik. Labirinto hori Dedalok, garai hartako arkitektorik trebe eta ospetsuenak, eraiki eta diseinatu zuen.

Minosek, Atenasen aurka borrokatu eta irabazi zuenetik, sekulako zerga ordaintzera beharturik zeuzkan atenastarrak: bederatzi urtez, atenastarrek zazpi mutil gazte eta zazpi neska bidali beharko zituzten Kretara, Minotauro beldurgarri eta eskergaren gosea asetzeko.

Baina hara non, urte batean, zerga ordaintzen zeneko hirugarrenean, Atenasko erregearen semea, Teseo zeritzona, Kretara iritsi zen, zorigaiztoko biktimen artean nahastuta.

Teseoren asmoa bere aberria zerga krudel hartatik askatzea zen, eta horretarako, Minotauroa hil behar zuen.

Atenastik irten baino lehen, heroiak aitari esan zion bera itsasoratuko zen untziaren etorreraren zain egoteko: untziak haize-oihal zuria bazekarren, garaipena lortu eta munstroa hil zuela esan nahiko zuen; haize-oihal beltzak, aldiz, zapuztutako asmoa adieraziko zuen, borrokan bizia galdu izanaren seinale.

Baina Teseok bere alde zuen zoria, Ariadna Minos erregearen alaba itxuragabe maitemindu zelako heroiaz, eta honi laguntza eskaintzea erabaki baitzuen: neskatxak hari bat eman zion Teseori, labirintoaren atera lotu eta irtenbidea erakuts ziezaion. Horrela bada, labirintoan sartu, Minotauroa hil eta garaile irten zen Teseo.

Sarritan, ordea, iseka egiten zaio maitasunari, eta horixe gertatu zitzaion Ariadnari. Teseok berarekin eraman zuen Kretatik, baina Naxos irlan abandonatu egin zuen, neska alai eta zoriontsu, lotan geratu zen gau batean.

Eskuratutako garaipenarengatik hain zegoen kontent eta pozik Teseo non, ahaztu egin baitzitzaion itsasuntziko haize-oihal beltza kendu eta zuria jartzea. Aitak oihala ikusi zuenean, etsita, bere burua itsasora bota eta ito egin zen. Teseoren aitak Egeo zuen izena, eta ordutik, bere magalean hartu zuen itsasoak ere izen hori hartu zuen.